Eztena liburuak
Hamar urte bete ditu aurten Eztena arte eszenikoen jaialdiak. Hasieratik oso filosofia argiarekin egin genuen jauzi plazara: arte eszenikoetako eragileen arteko sareak sortu, sortzaileenĀtzako elkargunea izan, ohiko zirkuituetan programatzeko zailtasunak dituzten lanei eta dramaturgiei erakusleiho bat eskaini, sortze prozesuan dauden lanak erakutsi, publiko aktiboaren ideia bultzatu...
Mikelazulo kultur elkarteko antolatzaileontzat abentura itzela izan da. Hamar urtetan jende asko pasa da Eztenatik, eta batez ere bizipen ederrak utzi ditu. Eztena arte eszenikoen ospakizun bat bilakatu da urtez urte, eta segur aski garrantzitsuena dena, emanaldietatik kanpo ere etengabeak izan dira solasaldiak, enkontruak, gogoetak, besarkadak, elkar ezagutzeak eta trukeak.
Eztenak hamar urte bete dituen honetan beste proiektu bat jarri nahi izan dugu martxan, jaialdiak hasieratik izan duen helburuetan sakontzen lagunduko duelakoan: arte eszenikoetako hainbat lanen testuak plazaratu ditugu, edizio xume baino landuetan. Helburua, beste behin ere, jaialdiarena bera: egun arte eszenikoetan dagoen aniztasun ideologiko eta estetikoa islatzen saiatu, arrisku eszenikoak hartzen dituzten sortzaileen lanak aldarrikatu eta ikusgarri egiten lagundu.