Alamedako dantzaldia

Eider Adeletx - Sra. Polaroiska

Sinopsia

2020ko irailean Alamedako dantzaldia izeneko performancea gidatu zuen Sra. Polaroiska kolektiboak Eztena arte eszenikoen jaialdiaren barruan. Proiektu hura Errenteria herriaren 700. urteurreneko ospakizunekin lotuta egin zen. Sra. Polaroiska kolektiboa osatzen duten Maria Ibarretxek eta Alaitz Arenzanak elkarrizketak egin zizkieten herritarrei udan zehar, eta irailean Oier Zuñiga, Alizia Otxoa, Gaizka Chamizo eta Alazne Corral aktoreen laguntzarekin osatu zuten proiektua. Ez zen edonolako erronka izan: mundu mailako pandemia baten ondorioz ia debekatua geratu zen dantza egitea, gorputzak gorputzen pare izerditzea, eta testuinguru horretan dantzaldi bat gauzatzea zen erronka. Emaitza audio-pieza bat izan zen, eta jaialdiaren barruan egindako entzunaldi kolektiboa, askatasun keinu bat.

Alamedako dantzaldia, oro har, esperimentu handi bat izan zen, eta bulkada horri berari jarraika beste urrats bat eman dugu aurtengo Eztenan: enkargua egin diogu Eider Perez ‘Adeletx’ aktore eta idazleari idatzizko sormen lan berri bat egin dezan, Sra. Polaroiskak egindako lana oinarri.

Esku artean duzue emaitza.

Egilea

Eider Perez Martinez (Pasaia Trintxerpe, 1995)

Hainbat testu argitaratu ditu Lekore aldizkarian, Txakur Gorria sormen kolektiboaren talde-lanetan eta zenbait literatur sariketen bildumetan. Hitzen Uberan literatur webguneko sinaduren atalean eta Oarsoaldeko HITZAn kolaboratu du, eta Izotzetan islatuak: euskal idazle gazteen bilduma (Liberoamerika, 2020) antologian hartu du parte. 2016. urtean Autobiographikal poesia errezitaldi dramatizatua sortu zuen Ane Zubeldiarekin batera, eta lan harekin plazaz plaza ia lau urtez aritu ostean, Andre eta jabe euskal emakume poeten ibilbideari buruzko ikuskizuna egiten jarraitu zuen Leire Etxezarreta musikariarekin elkarlanean. Aurkezle eta gidoigile lanetan aritu izan da eta Mintzola Ahozko Lantegiak egiten dituen Sormen Egonaldietan egin du lan azken bost urteetan. Antzerkia ikasten hasi zen Zurriola Antzerki Eskolan hamabost urte zituela, eta prestakuntzaz prestakuntza dabil gaur egun arte. 2019ko Eztena jaialdian Aldarri emanaldian hartu zuen parte ikuskizuneko lantalde osoarekin batera. Euskal Ikasketetan graduatua da eta 2018. urteaz geroztik Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko langilea.

Sra. Polaroiska

Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxe Sra. Polaroiska en Sillon de Taller-en sortzaileak dira. Alaitz Arenzana Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna da. Artista moduan sortutako lehen lanetatik argi utzi zuen bere bidea arte mundutik gertu dauden ikerkuntza eta sorkuntza praktikei lotuagoa egongo zela irudiaren alderdi industrialei baino. Aldi berean, dokumental, publizitate eta telebista saioetan errealizadore moduan lan egiten du. Maria Ibarretxe Arte Dramatikoan diplomaduna da, eta sormen eszenikoaren eta performancearen mundutik dator. Horrez gain, dantzari eta aktore bezala lan egin du zenbait konpainiatan. Bien arteko kolaborazioak bi mundu horien elkarreragina ekarri eta tarteko espazio bat sortu du. RUEMANIAK taldeko kideak ere badira, zeinak dantza eta arte eszenikoen ikerkuntzan baitihardu.

Sra. Polaroiska en Sillon de Taller-en ikus-entzunezko lana akziozko artearen, sorkuntza eszenikoaren eta koreografikoaren inguruan datza. Beren lana beste espazio eta lengoaien aurkikuntzan oinarritzen da, non gorputza eta aurkitzen den espazioarekin duen erlazioa baita betiere protagonista nagusia. Narrazio egitura konbentzionaletatik eta ikusleari itxitako kontzeptuetatik ihes egiten dute. Euren lanak, anbiguoak nahita, gorputzari lotutako rolekin jolasean dabiltza, ikuslearen begirada ezegonkortuz, ikusten ari den horren aldeko jarrera harraraziz. Ikuslea euren munduan guztiz murgiltzen da, eurek sortutako espazioan. Espazio hori irekia da, hala ere, interpretazio anitzak posibleak dira, pantailan gertatutakoa behatzen duten begiradak bezainbeste.

ISBN: 978-84-09-31172-9

Lege gorgailua: D 00693-2021